Haize-energia

Eguzkitik iristen den energiaren % 2 gutxi gorabehera bihurtzen da haize atmosferikoen energia zinetikoa. Energia horren % 35 desagertzen da atmosferako muga-geruzan, lurretik kilometro batera bakarrik. Gainerakotik, ausazkotasuna eta sakabanaketa direla-eta, hamahirugarren zatia bakarrik erabil litekeela balioesten da; munduko energia primarioaren egungo kontsumoa 10 aldiz hornitzeko adina. Horregatik dauka potentzial eta interes handia.

Hiriko edo erdi hiriko ingurunean sartuta dauden potentzia txikietarako, ardatz horizontala nahiz bertikala duten teknologiak dauzkaten haize-turbinak daude. Potentzia bateratu txikietatik aurrera (20 edo 30 kW-etatik aurrera), haizea aprobetxatzeko merkatuan hedatuta dagoen teknologiak ardatz horizontala dauka: Aerosorgailu bakoitzak haizealdeari begirako errotore bat dauka; normalean, diseinu aerodinamikoa duten hiru pala edukitzen ditu horrek, haizearen energia biltzen du, eta errotazioko energia mekaniko bihurtzen du haizearen energia hori. Ardatz baten eta hainbat etapa biderkatzaileren bidez transmititzen zaio errotazio-mugimendua sorgailu bati (oro har, sinkronoa edo bi aldiz elikatutako asinkronoa), eta horren zeregina da energia elektrikoa sortzea. Dorre edo fuste batek eusten duen gondola edo egitura baten gainean jartzen dira elementu horiek.

Haizetik energia zinetikoa biltzen duten eta energia hori energia elektriko bihurtzen duten aerosorgailu-sorta batek osatzen ditu haize-parkeak, bai lurrekoak, bai itsasokoak. Aerosorgailu bakoitzak ekoizten duen energia elektrikoa (tentsio erdikoa normalean) estazio transformadore batera eramaten da, lurrazpitik. Estazio horrek tentsioa areagotzen dio energiari, eta, gero, hustuketa-lerro baten bidez, banaketa- edo garraio-sarean injektatzen da, emandako lotura-gunean.

Aerosorgailuak ilaran jarri ohi dira, haize nagusiaren norabidearekin perpendikular, eta elkarrengandik bananduta egoten dira, errotorearen hiru bat diametroko distantziara. Banaketa horrekin, makina bakoitzak haizean eragindako turbulentziek gainerako aerosorgailuei eragitea saihestu nahi da. Arrazoi berarengatik, aerosorgailuen ilara paraleloen arteko banaketa errotorearen zazpi diametrotik gorakoa izaten da.

Merkatuan badaude dagoeneko, edo laster merkaturatuko dira, materialen erresistentziaren eta garraiorako zein muntaketarako ezagutzen ditugun tekniken mugei aurre egiten dieten neurriak dituzten makina erraldoiak: 180 metro arteko errotore-diametroak, 150 metroko altuerako abatzak eta 10.000 kW-ko potentzia bateratuak. Lurrean, itsasertzean edo itsaso barruan jarrita daude. 

Haize-energiaren ezarpenak askotarikoak dira, tamainaren eta kokalekuaren arabera: Elektrizitatea eskala handian sortzeko edo saretik isolatuta dauden etxebizitzak edo zerbitzuak elektrizitatez hornitzeko erabiltzen dira, bai eta ura ponpatzeko, telekomunikazioen sareetarako, itsasoko ura gatzgabetzeko eta abarrerako erabili ere.

no-alt
Basque