Eraikuntzako Kode Teknikoa (314/2006 EDren bidez onartua) indarrean jartzeak eraikinen proiektuetan energia-eraginkortasunari dagozkion neurriak nahitaez aintzat hartu behar izatea ekarri du. Arau-sorta hori aplikatuta, Espainiako eraikin-parkeak nabarmen murriztuko du sektorearen energia-kontsumoa, barruan erosotasun maila bera lortzeko energia gutxiago behar duten eraikinak eraikitzen hasiak baitira.
EKTren lehenengo neurria, proiektu bat gauzatzeko ordena logikoaren barruan, “Oinarrizko baldintza HE 1: energia-eskaera mugatzea” da. Ondorengo honetan datza: Eraikinek inguratzaile bat izango dute. Horren ezaugarriek modu egokian mugatuko dute ongizate termikoa lortzeko beharrezkoa den energia-eskaera, kontuan izanik, horretarako, batetik, udalerriko klima, eraikinaren erabilera eta uda eta neguko erregimena eta, bestetik, isolamendu eta inertziazko ezaugarriak, airearen iragazkortasuna eta, eguzkiaren erradiazioa jasatea, horrela, eraikinaren ezaugarrien kalterako izan daitezkeen azaleko eta zirrikituetako kondentsazio-hezetasunak agertzeko arriskua murrizteko eta zubi termikoak egokitasunez tratatuz, berotasuna galtzea edo behar ez denean sartzea mugatzeko eta, horietan, arazo hidrotermikoak ekiditeko.
2006ko apirilean, Material Isolatzaileen Industrialarien Espainiako Elkarteak (ANDIMA) eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko IDAE Erakundeak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten eraikin berrien eta lehendik zeudenen inguratzaile termikoaren energia-eraginkortasuna hobetzeko eta berokuntza, klimatizazio eta ur beroaren ekoizpeneko ekipamenduak eta hoditeriak isolatzeko jarduerak sustatzeko. ANDIMAko kideek dibulgazio-lanak egin ahala, lan horien emaitzak gune honetan jarriko dira. Gizarte osoari zuzendutakoak izango dira; bai jabeen komunitateei eta erabiltzaileei, bai gida-teknikoek helburu dituzten eraikuntzako profesionalei. Azkenik, material isolatzaileak behar bezala jartzeko instalatzaile trebatuen datu-base bat jarriko da eskura.
Eraikinak birgaitzeko energiaren Gida Praktikoa. Isolamendua, aukerarik onena, dibulgaziozko gida bat da, bizilagunen komunitateetako presidenteei eta finken administratzaileei zuzendutakoa. Azken batean, herritar guztiei dago zuzenduta, etxebizitzen erabiltzaile garen aldetik, barruko erosotasuna sentitzen baitugu eta ongizate termiko horrek dakarren kostua geure gain hartzen baitugu.
Material isolagarrien Gida Teknikoak, material isolatzaile bakoitzari buruzko azalpenak ematen dituen gida teknikoen bilduma bat da. Aurreko Dibulgaziozko Gidak emandako informazio orokorraren osagarriak dira eta eraikuntza alorreko profesionalei zuzenduta daude, alderdi teknikoei buruzko xehetasunak biltzen baitituzte.
Gida hauetan eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko proposatutako neurriak hartzeak energia eta dirua aurreztea eta % 30 karbono dioxido gutxiago isurtzea ekar lezake, eraikinetako instalazio termikoetan energia gutxiago kontsumitzen delako.