Efizientzia Energetikorako Nazio Funtsa

Efizientzia energetikorako laguntzak

"Una manera de hacer Europa"

18/2014 Legeak eratu zuen Efizientzia Energetikorako Nazio Funtsa, eta ekonomiaren, finantzen, laguntza teknikoaren, prestakuntzaren, informazioaren edo beste neurri batzuen arloan laguntzeko mekanismoak finantzatzeko xedea dauka, energia kontsumitzen duten sektoreetako energia-efizientzia hobetzeari begira eta Efizientzia Energetikoko Betebeharren Nazio Sistemak ezartzen duen eta 2012/27/EB Zuzentarauaren 7. artikuluan jasotzen den energia-aurrezpeneko nazio-xedea lortzen laguntze aldera.

Lege horren 73. artikuluak ezartzen duenez, Efizientzia Energetikorako Nazio Funtsa Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministeriora atxikita egongo da, Energiaren Estatu Idazkaritzaren bidez, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatuko du.

Metatutako aurrezpenaren xedea

Hain zuzen ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauak (aurrerantzean, Zuzentaraua esango diogu), energia-efizientziari buruzkoak, 2009/125/EE eta 2010/30/EB Zuzentarauak aldatzen dituenak eta 2004/8/EE eta 2006/32/EE Zuzentarauak indargabetzen dituenak, Europar Batasunaren barruan energia-efizientzia sustatzeko esparru bateratua sortzen du, eta ekintza zehatzak ezartzen ditu, 2014-2020 aldian metatutako energia-aurrezpen nabarmena lortzeari begira.

Zuzentarauaren 7. artikuluak ezartzen duenez, 2014-2020 aldirako metatutako energia-aurrezpenaren kopuru zehatz bat justifikatu behar du estatu kide bakoitzak. Betebehar hori betez, 15.320 ktep-eko xedearen berri eman dio Espainiak Europar Batzordeari. Europar Batzordeak metodologian egin duen azken berrikuspenaren arabera, ordea, 15.979 ktep-etara areagotu da xede hori.

Funtsaren baliabideak

Beste alde batetik, 7. artikuluak berak zehazten du efizientzia energetikoko betebeharren sistema bat ezarriko duela estatu kide bakoitzak. Sistema horren bidez, energia-banatzaileek edota energia saltzen duten txikizkako enpresek adierazi den aurrezpen-xedea bete beharko dute 2020an. Horretarako, 2014tik aurrera, urtero lortu beharko dute beren urteko energia-salmenten % 1,5 aurreztea.

Horren ondorioz, efizientzia energetikoko betebeharren sistema nazional bat ezartzen du hazkunderako, lehiakortasunerako eta efizientziarako premiazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legeak. Sistema horrekin, energia-aurrezpeneko urteko kuota (aurrezpen-betebeharra deiturikoa) esleitzen zaie gasa eta elektrizitatea merkaturatzen dituzten enpresei, petrolio-produktuen handizkako operadoreei eta petrolioaren gas likidatuen handizkako operadoreei, betebehar-sistemaren subjektu behartuak diren heinean.

Energia-aurrezpeneko urteko betebeharrak benetan bete daitezen, subjektu behartuek ekarpen finantzarioa egiten diote urtero Efizientzia Energetikorako Nazio Funtsari, urteko aurrezpen-betebeharra horri dagokion baliokidetasun finantzarioarekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoan.

Ekonomiaren, finantzen, laguntza teknikoaren, prestakuntzaren eta informazioaren arloan edo hainbat sektoretako efizientzia energetikoa areagotzen eta ezarritako aurrezpen-xedea lortzen laguntzen duten neurrien arloan laguntzeko mekanismoak abiaraztea ahalbidetzen du IDAEk kudeatzen duen funtsak.

Segimendu- eta kontrol-batzordea

Funtsaren segimendu- eta kontrol-batzordea arduratzen da gainbegiraketa eta kontrola egiteaz, eta horrexek onartzen ditu askotariko laguntza-programen urteko deialdien aurrekontu-hornidurak.

Presidenteak, kideek eta idazkariak osatzen dute funtsaren segimendu- eta kontrol-batzordea.

Energiaren Estatu Idazkaritzako titularra da batzorde horretako presidentea, baina beste titular batzuek ere eratzen dute presidentetza:

Energia Politikaren eta Meategien Zuzendaritza Orokorreko titularrak eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuko titularrak.

Gobernuko Presidentetzaren Ekonomia Bulegoko titularrak.

Ministerio-sail hauetan zuzendari orokorraren maila duten ordezkariek:

Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioa.

Sustapen Ministerioa.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa.

 

Informazio gehiago Herritarrak Efizientzia Energetikoan eta Energia Berriztagarrietan Informatzeko Zerbitzua (SICER) ciudadano@idae.es. Telefono-zenbakia: 913 14 66 73, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.